Cabecera

PIZTU GASTEIZ! OKUPA TU LUGAR, URRIAK 11


Aurtengoa, Gasteizen urte berezia izango zela esanez hasi genuen 2008a. Patataren nazioarteko urtea omen zen nonbait. Guretzat, hala ere, autogestioaren, asanblearismoaren, do your selfaren edo herri ekimenen urtea zen honako hau. Azken batean, Gasteizko Gaztetxeko eta Hala Bedi irratiko lagunok lan egiteko modu bat, gauzak egiteko modu ezberdin bat aldarrikatu nahi genuen urte osoko kanpaina honen bidez.


Txorionak! 20 urte okupatzen 25 urte komunikatzen lelopean hasi ginen lehen pausoak ematen elkarrekin. Txorimaloa aukeratu genuen irudi moduan. Ondoan nahi ez ditugunak uxatuko zituen txorimaloa eta, aldi berean, ondoan nahi ditugunak erakartzeko gai izango zena. Malotik baino, onetik gehiago daukan txorimaloa. Inauterietan atera ginen lehenengoz kalera, Gasteizko kaleak txorimalo dantzariz eta gure aldarrikapenez bete genituen. Ordutik hona ez gara geldirik egon; komunikazio alternatiboari buruzko jardunaldiak, Gaztetxearen urteurrena, hamaika kontzertu, hamaika hitzaldi, hamaika tailer eta hamaika kontu izan dituzue ikusgai.


Horrekin batera, inguruan ditugunekin eta gure eguneroko lana aberasten duten horiekin ere lanean aritu gara. Gasteizko herri mugimendua osatzen duten talde ezberdinekin hitz egin dugu. Hiri honen parte diren eta oraindik ere hain urruti sentitzen ditugun etorkinengana ere hurbildu gara, Gaztetxea eta Halabedi zer diren azaldu eta gure ateak zabalik dituztela esatera. Ikastetxez ikastetxe ibili gara gure eguneroko lanaren nondik norakoak azaltzen eta entsegu lokaletan elkartzen diren gazteekin ere beste hainbeste egin dugu. Eta azkenik, sorkuntzaren munduan mugitzen diren gasteiztarrengana jo dugu, kanpaina honetan, hauek ere, beraien lekua izatea nahi genuelako. Museo eta instituzioetatik kanpo, sorkuntzak bere lekua bete behar duelako gure ustez.

Orain arte egindako lanak jarraipena izango du aurrerantzean ere. Jaietan ospatuko dugu halabedi irratiaren 25.urteurrena, abuztuaren 6an eta 9an Txorionak eguna izango da.


Gaurkoan, hala ere, urriaren 11n kanpaina honi bukaera emango dion egun osoko jai erraldoia aurkeztera gatoz. Urriaren 11n, duela 25 urte beste batzuek egin zuten moduan, hiri hau piztera baikoaz. Urriaren 11n, duela 20 urte beste batzuek egin zuten moduan, hiri honetan gure lekua okupatzera baikoaz.


Piztu Gasteiz! Okupa tu lugar lelopean kanpaina honi bukaera emango dion jai erraldoi hau, Gasteizko Gaztetxearen eta Hala Bedi irratiaren eguna izateaz gain, hiri hau aldatzeko lanean ari direnen eta urte hauetan guztietan hainbesteko lana egin duen herri mugimenduaren eguna izatea nahi genuke. Horregatik gatoz gaur zuengana, kanpaina honetan gurekin bat egin duten pertsona eta taldeek lagunduta. Tailerrez, kontzertuz, kale animazioz eta sorpresaz beteriko egun honetan ez garelako bakarrik egongo. Kanpainan zehar gurekin bat egiten joan direnek ere beraien lekua izango dute egun handi honetan. Zuk ere zure lekua izango duzu. Zure laguntzaz Gasteiz piztuko dugu. Zuk ere baduzu leku bat betetzeko, okupatzeko. Urte hauetan guztietan gauza handiak lortu dira herri ekimenei esker, Gaztetxea eta Halabedi kasu. Aurrerantzean ere, gauza asko ditugu egiteko eta zure laguntza beharrezkoa izango da horretarako.

Zuri-beltzezko garai hauetan, herri ekimenak inoiz baino beharrezkoagoak ditugulako. Guk egiten ez badugu, inork ez duelako egingo gugatik. Aurrera egiteko bide bakarra existitzen dela sinestarazi nahi diguten horien aurrean, bide berriak eraikitzen jarraituko dugu. Burua astindu eta irudimena erabiliz, geure tresnak, geure espazioak sortzen jarraitzeko gai garela erakusteko unea da. Hiri hau piztuko badugu, denon artean izango da. Bakoitzak bere esparrutik, bakoitzaren ahaleginari esker. Ez ahaztu beraz, urriaren 11n zita bat daukazu Gasteizekin. Aurrerantzean ere izango duzue gure berri.


Hartu zure lekua eta lotu segurtasun uhala, hiri hau piztera doa!


Atala:

Bazter Guztietan

La Paz

Deialdiak

« Agosto 2008
LunMarMiéJueVieSábDom
123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031

Datozen Deialdiak

  • Ez dago deialdirik

Kamisetak

Txorionak Kamisetak
10€-tan salgai:
- Gasteizko Gaztetxean
- Hala Bedi tabernan
- Parral tabernan
- Sorginak taskan