Cabecera

«Poesia eta musika era orekatuan ematen saiatzen gara Garabin»


BERRIA (08-VI-13)

Edu Lartzanguren

Oier Arantzabal (Barakaldo, 1988) Garabi taldeko ahotsa da. Poesia eta musika lantzen du Zarauzko boskoteak (Gipuzkoa). Kontzertua emango du gaur, Sagarroi taldearekin batera, Gasteizko gaztetxean.

Zerda Garabi, poesia lantzen duen musika taldea edo musikaz laguntzen den poesia komandoa?

Hasieran bi baino ez ginen eta hortik dator izena. Lagun arteko talde bat genuen baina ikasketak direla eta sakabanatu egin ginen. Gitarrajotzaileari iazko udan esan nion poesia batzuk banituela. Olerkiak hartu eta musikaren bidez emateko egitasmoarekin jarraitu genuen biok aurrera. Horrez gain, aurreko taldearen kanta pare bat berreskuratu genituen, berri batzuk sortu eta formatu akustikoan ematen hasi ginen. Olerki emanaldia egin nahi genuen, poesia gitarrarekin batera errezitatzen. Poesiak zuen pisu nagusia hasieran. Gero, beste kideak taldera bildu ziren, Zarautzen emanaldi bat egiteko. Gustatu egin zitzaigun emaitza eta, azkenean, protagonismo handiagoa hartu du musikak.

Edonola ere, bi formatu lantzen dituze, bata akustikoagoa eta bestea gogorragoa...

Tokiaren arabera egiten dugu. Mikelazulok antolaturiko Poesia Astean [Errenteria] saio akustikoa egin genuen eta poemei leku gehiago eman genien. Halere, orain gaztetxe batean ere jotzeko gauza gara. Poesia eta musika era orekatuan ematen saiatzen gara Garabin.

Ez duzue arriskua poesia entzutera doanari rock kontzertua eskaintzeko eta musika entzutera doanari poemak emateko?

Kontuan edukitzen dugu hori, emanaldia saltzeko orduan. Gaur, Gasteizen, poemei lekua utziko diegu, baina tartekatu egingo ditugu. Halere, zaila da bereiztea, kanta asko olerkiekin eginikoak direla, eta olerkiak ere musikaz laguntzen ditugulako.

Zeri abesten diozu zure olerkietan?

Kubari, esaterako -han izan nintzenean idatzitako olerkietan- edo Afrikan gertatzen ari denari. Egunerokotasunari eta horren inguruko kezkei buruz idazten dut. Maiteminduta nagoenean, maitasunari.

Bob Dylanen Knocking on heaven's door kanta hainbat estilotan jotzen duzue zuen emanaldietan. Zergatik?

Saio batean hasi ginen kanta jotzen eta gustura geundela, reggae, heavy, rock eta beste estiloetan landu genuen. Azken kantu gisa erabiltzen dugu, musikari, oro har, eginiko omenaldi gisa.

Hainbeste estilotan jotzeak zer esan nahi du, Garabik ez duela bere estilo propioa?

Ez. Garabiren kantak entzunda entzuleak estilo bat antzematen duela uste dut. Ikusten du oinarri akustikoa dagoela, gitarra, harmonika eta ahotsaren gainean eraikitakoa. Akustikotik ateratako melodiak popera eramanda, baina Bob Dylanen ukituarekin folkera hurbilduta edo rockera. Guk ez dugu geure burua definitzen. Egun, dena poparen barruan sailkatzen da.

 

############

 

Musika. Zebra Jaialdia: Garabi eta Sagarroi. Lekua: Gasteizko gaztetxea. Noiz: Gaur, 20:30etik aurrera.

 

############

Atala:

Bazter Guztietan

Brooklin

Deialdiak

« Agosto 2008
LunMarMiéJueVieSábDom
123
45678910
11121314151617
18192021222324
25262728293031

Datozen Deialdiak

  • Ez dago deialdirik

Kamisetak

Txorionak Kamisetak
10€-tan salgai:
- Gasteizko Gaztetxean
- Hala Bedi tabernan
- Parral tabernan
- Sorginak taskan