Hiri okupatuan, sena piztuta
BERRIA (2008-X-11)
Hala Bedi irratiak eta Gasteizko Gaztetxeak euren urtemugak ospatzeko ekitaldi sorta jai batekin amaitu dute
Ivan Santamaria Gasteiz
Komunikazioa eta autogestioa. Mezu ofizialetan esaten ez dena esateko, komunikazioa. Erakunde publikoen agendan tokirik ez duena azaleratzeko, autogestioa. Eta, koktela borobiltzeko, espiritu kritikoa, umore bihurriarekin nahastuta. Horra hor Hala Bedi irratiaren eta Gasteizko Gaztetxearen arrakastaren formula, hurrenez hurren 25 eta 20 urtez Arabako hiriburuko eta Euskal Herri osoko herri mugimenduaren ikur izateko.
Urtemuga bereziak amaiera bikaina merezi zuen, eta atzoko Piztu Gasteiz, Okupa tu lugar festa jardunaldiak ez zuen hutsik egin. Askoren gogoan zegoen oraindik, Gaztetxea arriskuan zegoela, duela hiru urte Gasteizko alde zaharrean antolatu zen jaialdia, eta atzoko egunak argi utzi zuen urteak aurrera egiten duten arren, hala irrati libreak nola muinoko etxeak artean ez dutela sasoia galdu.
Goizeko ekitaldietan, memoriak, historia liburuetan agertzen ez den horrek batez ere, toki esanguratsua izan zuen. Hasteko, Amparo Lasheras eta Juan Ibarrondo kazetari eta idazleen eskutik, alde zaharreko kale eta kantoien pasadizo eta kontakizunen berri jaso zuten entzuleek, 1988. urteko Prudentzio Deunaren egunean atea ostikada batez bota eta okupatu zen Gaztetxetik abiatuta.
Sormenaren pizgarri
Ibarrondok, besteak beste, Zapatari kalean 80ko hamarkadan sortu zen mugimendua izan zuen hizpide, gerora Gaztetxearen edo Hala Bediren sorrerarako giltzarria izango zena. «Kale txiroa zen hura garai horretan, baina gazte batzuek, familiaren eta Poliziaren begiradatik kanpo, txoko bat eskuratu zuten irudimena lantzeko», gogoratu zuen Ibarrondok.
Auzokideekin elkarbizitza ez zen beti samurra izan, baina hiriko tribu ezberdinak ondo konpondu ziren. Han sortu zuten gazte batzuk - haien artean Ibarrondok - lehenbiziko punk taberna, San Roke izenekoa.
Musika taldeak, antzerkia, komikia, sormena barra-barra zegoen, baina dena ez zen arrosa kolorekoa, kontrako aldean heroinak eta errepresioak kalte handia egin baitzuten. «Saiatu ginen horri guztiari irudimenez erantzuten, baina beti ez genuen asmatu».
Aiztogile kalean, berriz, Una calle, una vida eleberrian marraztu zuen Gasteiz hura gogora ekarri zuen Lasherasek, egungo egoerarekin alderatzeko. «Auzoko negozioak bizilagunen beharretara egokitzen ziren, ez egun Gasteizko Udalak bultzatzen duen ereduan bezala».
Zaramagara jauzia
Ekitaldi gehienak alde zaharrean pilatu ziren arren, jendeak ere aukera izan zuen martxoaren 3ko sarraskiaren berri protagonisten ahotik entzuteko, Poliziak bost langileak hil zituen tokian bertan. Oraindik ere Zaramagako San Frantzisko elizan bistan daude, 32 urte eta gero, ke poteek egindako kalte batzuk.
Eguerdian ekitaldi nagusiaren txanda iritsi zen. Parodia baten bidez herri mugimendua «epaitu» ondotik, gizarte erakundeei gorazarre egiteko baliatu zuten antolatzaileek aukera, jendearen parte-hartzerik gabe ez baita posible gaztetxeak edo irrati libreak martxan jartzea. Eta, aurrera begira ere, harreman sare horiek indartzeko deia egin zuten. Atzokoan, behintzat, helburua bete zen, eta, arratsaldean eguraldia goibeldu zen arren, hiriburua piztea eta okupatzea lortu zuten.


