Gasteizko historia garaikidearen bi gako
BERRIA (2008-X-10)
Estitxu Breñas Gonzalez de Zarate
GEU aldizkariko zuzendaria
1983. urtea zen Hala Bedi irrati librearen lehen uhinak abian jarri zirenekoa. Etxean interesa sortu zuen ekimenak eta lehen emisioak entzuten hasi ginen; jasotako heziketari esker nire inguru hurbilean, hirian, herrian gertatzen ziren bizipenekiko jakin-mina zuen 14 urteko nerabea nintzen. Baita, nola ez, egitasmo urratzaile, apurtzaile eta alternatiboa zen Hala Bedi irrati librearekiko ere.
ERRren garaia zen hura. Euskal Rock Radikala. Gasteizen sekulako marka izan zuen garaia eta ondoren arrasto emankorra ekarriko zuena, nire ustez made in Gasteiz giro, estilo eta esentzia propioak.
Gasteizko mugimendu sozio-kultural-politiko alternatiboa Zapa kalean egosten ari zen orduan; irakiteak, besteak beste, irrati librearen uhinak ekarri zituen, klandestinitatean. Hortik aurrera, oztopoak gainditu (itxierak, atxiloketak, poliziaren joan-etorriak...) eta duintasunez aurrera.
Kolore beltzaren babesean pentsamolde punkia nagusitu zen garaia zen hura. Sasoi konplikatua, politikoki, sozialki, ekonomikoki... Orduko gizarteari astindua emateko nahia, gogoa eta ilusioa elkartu ziren une horretan. Bertako gazte batzuek beharra sentitu zuten hiriari astindu alternatibo eraikitzailea emateko. Hasteko eta jarraitzeko, kontatzen ez zen hura kontatu ahal izateko, beste era batez komunikatu, informatu, antolatu eta sortzeko. Kaleko mugimendu intelektual bat sortu zela esango nuke, oso berezkoa, Gasteiz kale-artista eta kale-intelektual eta ideologo libertarioen hiritxo bihurtzeraino.
Hertzainak, Cicatriz eta La Polla Records errealitate horren adierazpen musikal sutsuena ziren. Kontzertuak han eta hemen, antzerki alternatiboa, fanzineak, TMEO, kontrakultura... Jastepi, Bode, Sotano, Desván... Alabaina, aldi berean, ezin ahaztu estrategikoki sartutako heroinak ekarritako minak, saminak eta negarrak.
Ni hastapenetan gaztetxoa banintzen ere, interesaz jarraitu nion historia ez-ofizial horri nire lehen kontzertuetan parte hartuz, eta Zaparako lehen sarreratxoak eginez. Hortxe baitzegoen sukaldea, eta mamia zuzenean ezagutzea oso erakargarria zen!
HBI, horrela, alternatibotasun eta autogestioaren eredu eredugarria bihurtuz joan zen. HBI ez zen bakarrik komunikazio alternatiborako gunea, hori baino gehiago zen, dena zalantzan jartzen zuen indarrez beteriko mugimendua baitzegoen bere zainetan. Kolore beltza oinarri koloretsu bilakatzeraino.
Eta hori gutxi balitz, bost urtera Gaztetxea jaio zen. Ez zen kasualitatea izan Gasteizko Alde Zaharreko muinean kokatutako etxe haren ateak bota eta okupatu izana. Aurretik ongi hautatutako tokia zen hura. Gasteizko mugimendu alternatiboak Alde Zaharrean zituen sustraiak eta hegoak. Alde Zaharra zen bere eremua. Gaztetxea mugimendu horren nolabait esateko bigarren gunea izango zen.
Orduan 19 urte neuzkan eta oroimenak freskoagoak ditut. San Prudentzio zen. Gertuago bizi izan nuen hura, adin horrekin jada kalea gehiago bizi duzulako, baita kalean dagoen meneoa ere.
Hemen ere dinamika bera, polizia gora eta behera, atxiloketak eta ixteko saialdiak. Baina Gaztetxearekin ere ezin. Urteen poderioz Gasteizko gizartearen bermea eskuratzen joan ziren bata zein bestea. Biak ala biak, sendotuz joan ziren, kozkortuz, gorpuztuz, Gasteizko gune eta uhin erreferentzialak bilakatu artean.
Ezin zenbatu urtetan Gaztetxean ikusitako denetiko kontzertuak. Ezin ahaztu bertan gozatutako aniztasun handiko jaiak. Bolada batean etxera joan aurretiko gunea genuen Gaztetxea. Gasteizko negu gorriko gau hotzak gau gorri bero bilakatzen ziren maiz. Askotariko kolektiboen etxea. Eskaintza kultural erakargarriaz. Alternatibotasuna, autogestioa eta asanblada ardatz hau ere, irratia legez.
Gaurdaino. 25 urte HBIk eta 20 urte Gaztetxeak. Gasteizko historia garaikidearen ezinbesteko gako bi... Egin ditzagun etorkizunekoak ere.
Urriaren 11n, ez hutsik egin. Sorreran Gasteiz esnatu zuten bezala, oraingoan Piztu dezagun Gasteiz. Txorionak 2oi, oi-oi-oi!


