Piztu eta piztu Gasteiz
BERRIA(2008-X-02)
ZUZENDARIARI:
Gilkitxaro, Kinkalarri eta Zpeiz. A ze hiru izen! Urriaren 11n Gasteizko kalean zehar ibiliko diren hiru buruhandi erraldoi garaikide izan zitezkeen. Edo hiru Judimendiko zanpantzar. Baina ez dira. Nahiz eta ibilian-ibilian dabiltzan. Gasteizko alde zaharrean jendea, eta Gasteizko alde zaharra bera bezala.
Zeren Memoria de Barrio pixka bat duen edonork, ni barne, Por alde zaharra la gente rula gogoratuko du. Urte luzez, hala ibili baikara, eta hala abestu. Adi-adi badaezpada, hori bai. Hala gogoratzen dut, deabruak teilatuetan, doctor deseo hurbil baitzebilkigun Gasteizko katu beltzaren landatxoan genbiltzanoi, punkiek txakurra bezala, tentazioa baino ere hurbilago.
Hurbil jarraitzen dugu egia esan. Baina batzuek han, hor, diraute oraindik, deabruz jositako teilapean, auzolana auzolan, Gasteizen soilik egin litekeen hiru paretak egiten: Putxe herrikoia, hiri bateko auzoan. Eta non, eta herri bazkariaren putxerazoa emango den leku berean. Burullerias!
Ulertzekoa, hala ere, sokari tira eginez gero, partiduak party, eta arabar gazteak festa.
Kanpotik goazenok ordea, zer egingo diogu ba, «hala izan da, hala omen da, eta hala bedi» esan eta barrura. Badakizue, gauza hauetan, ate irekiak, irteteko bada ere. Ona zera du, baldintza hauetan, gustura sartzen dela bat. Eta beste bat, eta beste bat. Eta horrela egiten dira batak bi, eta biak kolektibo. Eta biak, bi kolektiboak, bat. Txorion festa bat. Txorion uhinak auzo, hiri eta herria baitaratzeraino.
Hitz tribiala azkenaldian herriarena. Baina Herri mugimendua zerbait tribiala dela pentsatuko duenik bada, baldin balego alegia, matxetazo bat, eta plaza hartaraxe bidaliko nuke, bertsorraperoekin malabareak egitera. Hip eta hop, hip eta hop; jaurti eta jaso, pasa eta elkarbanatu; gauzak ideien eskutik behar dutela ikasi bainuen nik han. Gizarteak erdi deuseztatua daukan horretatik. Ezkerraz ari nintzen, noski.
Gaztetan izan zen. Gaztetan ikastekoa, malabareena. Ez ezin delako gerora landu, ezin delako ezkerra egun batetik bestera domatu baizik. Beno, horrek domatzeko zaila dela esan nahi du. Baina ez du esan nahi inoren esanera jarri ezin litekeenik. Kontuz beraz. Izan ere, gaztetxeetan zenbat eta gazte psiko sozial gutxiago egon, orduan eta lapurreta handiagoa jasan behar dute. Maldan behera doaz. Alabaina, hori, inork ez daki ona edo txarra den. Abiadura handi horrekin zer egingo duten ez dakigun bezala, edo AHTren aurkako parodia, Aquí Hay Tomate-ren aurka edo alde dagoen jakiterik ez dagoen bezala.
Ikusten? Hitzak eta letrak okupatu egin daitezke. Egin ezean egiten dizkigute. Hau eragin duen kartelak nire buru barneko paretak bezalaxe. Esanek esanahiak bezalaxe. Ocupa tu lugar.
Gilkitxaro, Kinkalarri, Zpeiz, /eta... aizu! Bai, zu!/ Hotz egiten du Siberian, uler gaitezen, Gasteizen. / Surik Piztu ezean, sutan. /Urriaren 11n, izan piromano.
Haitzol Olaiz Etxebeste. Oiartzun.


