Gasteizko Segik ere Gasteiz piztera deitu du urriaren 11n
Gasteizko Segiren oharra:
Gure herria aberatsa da bere txikitasunean, baina ez dezagun berau PNVk azken 30 urteetan egindako negozioekin nahastu. Alegia, badira poltsikoak diruz beteta dituzten pertsona triste eta ilunak. Eta harrigarriena dirudiena, badira gure gizartearen luxuzko bizimodutik aldenduta bizi diren gizaki zoriontsu bezain eskuzabalak. Hortaz, aberastasuna neurtzeko irizpideak erlatiboak direla izaki, Gasteizek sortu duen aberastasun ez materialaz ari naizela argi geldituko zen jada. Izan ere, erasoak nonahi pairatu ditugun azken garai honetan, badira iluntasuna kolorez janzten duten gauzak ere. Gasteiztarrok, badugu zer ospatu.
Pertsona batzuk, utopia lortu ezinezko zerbait dela pentsatzen dute, baina oker dabiltza. Aurten 20 eta 25 urte bete dituzten Gasteizko Gaztetxea eta Hala Bedi Irrati Librea, horren adibide dira. Nola da posible mende laurdena bete duen utopia bere horretan mantentzea? Bada, Hala Bedi zein Gaztetxea gune askeak direlako, gure gizarte honetan nagusi den kontsumismo basati eta desinformazio ustel horretatik ihes egiteko zirrikitu bat irekitzen digutelako. Biak izan direlako eta oraindik ere direlako, herri mugimendua indartu eta kaleratzeko tresnak. Finean, haize fresko eta osasungarria dakartelako, eta bertako herritarren babesa daukatelako.
Nork ez du sekula Gaztetxean pote bat hartu, kontzertu bat entzun, tailer batean parte hartu?? Egungo komunikabideek herri mugimenduarekiko duten jarrera ikusita, nola izango genuke gure kale eta auzoetan garatzen diren dinamika ezberdinen berri Hala Bedi bertan egon izan ez balitz? Are gehiago, nola neurtuko genuke Gasteiztarrok gure aberastasuna Gaztetxeak eta HalaBedik trasmititu dizkiguten balore horiek gabe? Dirutan? Herri tristea izango ginatekeen orduan... Zorionez, urte guzti hauetan herri eta gazteria konprometitu bat egon da beti Gasteizen, eta haiei esker, Muinoko Etxea eta HalaBedi zutik diraute. Beraz, Gasteizko Segiren partez, eskerrik asko, Txorionak...eta urte askotarako !!! Datorren urriaren 11an ikusiko dugu elkar, betiko ohituraz, Gasteiz Piztutzen.


